XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Maistra estrainatuak edo eskolen buruhaustea

Artikulu honen tituluak ulertzera ematen duen bezala, irakaskintzaren mundu korapilotsura bihurtzen gara, hurrengo kurtsuaren hurbiltasuna eta maistra batzuren egintzak direla-eta.

Irakurleak ba dakienez, euskal maisuen artean ba dago Kanariasera edo beste leku urruti batzutara lan egitera joan behar duenik aurten 62, bertako irakasle pilo bat Euskal Herrira bidalia den bitartean.

Ez pentsa gezurra denik!

Zentzugabekeria honen aurrean, 23 maistrak uko egin diote kanpora joateari, eta beren haserrea erakutsi dute Ministergoaren Bilboko Delegazioan hitxialdi bat eginez eta Gernikako arbolaren itzalpean bilduz.

Euskal parlamentariak ere haien erreibindikazioen alde agertu dira.

Honek eman diezaguke arazoaren garrantzia.

Ba dirudi Delegatuak konponketa bat proposatu dietela: maistra batzu Euskadin geratuko lirake, baina zerbitzu komisioz ", hau da, arlo batean euskararen irakaskintzan espezializatuta daudelako.

Esan dudanez, ordea, proposamen hau adabaki bat da, inola ere ez konponbidea, zeren datorren urtean berdin berdin jazoko bait da; traspasu horiek, futbol ekipoetan izan ezik, ez dute batere zentzurik.

Euskadiko eskolek euskal giroan sustraiturik egon behar dute, eta horretarako maisuek euskal ohiturak eta kultura bizi behar dituzte.

Inork konprenituko al luke Malagako eskoletan euskara irakastea?

Holako neurri ulertezinek zalantzan jartzen dute gure kultura eta hizkuntzaren etorkizuna.

Baina gure kulturari mila aldetatik datozkio arriskuak, atentatuak ez direnean.

Diotenez, bakarrik 80 plaza egongo dira kurtsu honetan Bizkaiko euskarazko irakasleentzat, gehiago izanez gero beste maisu batzuri lanpostua kenduko liekete-eta.

Bale! Sarritan, kasu honetan bezalaxe, faltsukeria eta faltsutasuna batera etortzen dira.

Esan biezagute ez dutela dirurik, edota ez dakitela non sartu lanik gabe dauden maisu ugariak, baina ez, mesedez, Bizkaian 80 euskarazko irakasle baino behar ez direla!

Hemen lanposturik ezaren problemarekin topo egiten dugu.

Problema larria da, benetan, baina euskarazko irakasleek beste maisu guztiek bezala ez dituzte pagatu behar hezkuntzaren politika atzerakoi eta antolaketa burokratiko baten ondorioak.

Maisu gehienek euskara irakatsiko duen kide bat nahi dute, baina logiko eta zuzena denez, haien lantokia galdu beharrik gabe.

Disjuntiba imajinario honi azpikeriaren usaina dario.

Hondamendi edukatibo honen aurrean ba daude, hala ere, soluzio eginkorrak.

Lehenbizikoa Autonomi Estatutua da, Estatu mailako irakaskintza deszentralizatuz, hemengoa kontrolatu eta planifikatuko lukeena.

Autogobernu bati esker, euskal maisuek ez lukete kanpora joan beharrik, nahi ez balute.

Neurri hau aplikatzetik etor daitezke beste irtenbide asko.

Adibidez, Euskal Herriko eskola guztietan euskarazko irakasle bat egotea; Euskal Herriko geografia eta historiazko programen elaboraketa; eta, etorkizunari begira guztiz inportantea delarik, Magistergo Eskoletan euskal kultura eta hizkuntzaren asignaturak ezartzea.

Lanpostuen problema hau latza bada, irakaskintzak euskal gizartearen premiei erantzuten ez dielako da.

Jakina duzue zer dioskun UNESCO delakoak: ikasgela bakoitzak 28 haur gehienez eduki behar dituela.

Gure eskoletan, ostera, ez da arraroa 40 baino gehiago ikustea.

Egindako estudio batzuk azaltzen dutenez, euskal maisu-maistra guztientzako lana legoke UNESCOren neurri hori konplitzekotan.

Lanpostu gehiago edukiko genituzke oraindik, zortzi ikasgelatarako bederatzi irakasle baleude, honela irakaskintzaren kalitatea haundituz.

Pentsa dezagun, gainera, Estatu mailan milioi bat ume eskolatu gabe daudela; eskola berriak behar direla; haurtzaindegietan maisuek eta ez edonork egon beharko luketela... eta abar luze bat.

Buruhausterik bai ala ez?

Bai, baina ez horrenbeste.

Soluzio hauk egiazkoak dira eta lehenbailehen praktikan ipintzekoak.

Ez dira mirakuluak, noski, eta gauzak ez dira batbatean konponduko.

Baina giltzarri bat behar da konpontzen hasteko: Autonomi Estatutua eta beronen autogobernua.

Buruhaustea bihar buruko min bihur ez dadin.